Prentsa

Urtzi ODRIOZOLA, Sustatun 2013/08/30

Eusko labeldun kamiseta frikiak

Internetek aukera asko zabaltzen ditu orain urte batzuk posible ez liratekeen gauzak egin ahal izateko. Edo behintzat, denen eskura ez zeuden aukerak hala jartzeko. Eta horixe izan da azken egunotan ikusi dudana, marrazkilari eta artista askok beren arropa bilduma propioa sortzeko aukera izan dute web plataforma bat erabilita.
Horren adibide da www.latostadora.com webgunea, non zure diseinu propioak egiteko aukera ematen dizun. Zuk irudia diseinatu, igo eta kamiseta, poltsa eta bestelako osagarriez zure katalogo propioa osa dezakezu. Zure denda, alegia.
Gainerako guztiaz webgunea bera arduratzen da. Eskaera jaso, hori prozesatu eta bidaltzeaz finean. Nik ez dut probatu baina guztiak komisio bat suposatuko duelakoan nago. Sortzailearentzat banaketa lanak-eta asko errazten ditu ezta? Baina ez dira horiek abantaila bakarrak. Erosleak berak ere eman diezaizkioke bere azken ukitu pertsonalak bere erosketari. Kamisetaren tamaina aukeratzeaz gain, kolorea, irudiaren tamaina eta posizioa... bezalako pertsonalizazio txikiak egiteko aukera ematen du. Ez al da ideia ona? Niri primerakoa iruditzen zait.
Eta ez dira gutxi izango euskal labeldun kamiseta frikiak salgai jarri dituzten artistak. Artistak bai, hauek bai artistak!!
Nik oraingoz 4 ezagutu ditut, hona hemen loturak adibide banarekin:

Zuk gehiago ezagutzen al dituzu? Eta zuen kolekzioak egin dituzuen artistok, zer moduzko esperientzia da? Kontaiguzue mesedez!


* * * * * * * * * * * * *


Irati JIMENEZ, Garan 2013/08/15

#BasqueIsFreak


Umetan buruz ikasten nituen telesailetako aktoreen izenak. Baita telebistan agertzen ziren hurrenkeran ikasi ere, starring, guest starring eta special guest starring guztiak egoki jarrita. Ez pentsa ahaztu ditudanik. Oraindik orain norbaitek «nor zen...» galdetzen duenean neu naiz «Dirk Benedict» esaten duena edo «Mark Singer» (lehena Phoenix «The A Team» faxistan, bigarrena Mike Donovan ustezko «V» antifaxistan). Zaletasunaren zaletasunaz egiten nuen, telebistan horrenbeste maite nituen telesailak irensteko beste modu bat zelako. Internet Aurreko Garaiak ziren eta «Tele Indiscreta» aldizkariaren informazio garauak eskas geratzen zitzaizkidan telesailei buruzko nire pasioari jaten emateko.

Ordutik hona... erabat aldatu digute ipuina, Txano Gorritxu. Ez dakit nola, noiz, non, baina telesailak begi onez ikusten diren produktu kultural bihurtu dira. Ez dute mundutik barkamena eskatzen joan behar, liburuen aurrean buru makur. Eta gure zaletasun demasekoak hala-holako lotsaz eraman izan ditugunoi abangoardiako izatearen harrokeria txatxuaren unea iritsi zaigu. Mendeku bihurrien sasoia da: jolasorduan McGyver nintzela jolasteari gehiegi irizten zion hurrengoa ikusten dudanean The Killing nola bukatzen den kontatuko diot. #izorrai

Neu ilunduko naiz, beharbada, ilunpe frikietatik ateratzearen bide honetan, Walter White bezala. Baina ez naiz bakarrik ibiliko: zutabea bukatu eta banoa Exprairen eskutik deskubritutako Martin Julianen kamisetak erostera. Bularrean eramango dut «Badator Negua», Stark Enearen leloa. Frikismoa ere euskaldun izatetik bizitzera, neure umeari zor diodan harrotasunez.


* * * * * * * * * * * * *

Maialen UNANUE, Berrian 2013/05/25

Txioak, diseinu iturri

Twitterren jario etengabekoan galdu gabe, zenbait sortzaileren inspirazio iturri bihurtu dira txioak, eta bizitza errealera salto egin dute. Umoreari lotuta, betiere, janzteko moduko hainbat diseinu egin dituzte.

Bizirik dagoen hizkuntzak garaian garaiko baliabideetara egokitu behar du bizirik jarraituko badu. Hala esan zuen Luistxo Fernandezek Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketan egindako bisita gidatuan —Donostiako San Telmo museoan—: «Eguneroko bizitzaren beste kanal bat da Internet, eta euskara hor dago, bizirik dagoelako». Hitzok Axularren aipu baten harira esan zituen: «Dabilen harriari etzaika goroldiorik lotzen».

Sarean pixka bat ibiltzen denak berehala ikusiko du Tumblr eta Pinterest bezalako plataformetan ez ezik, blogetan eta Twitterren ere badagoela euskara. Mugimenduan dagoela, bizirik dagoela. Twitterrek du, ziurrenik, guztietan indarrik handiena, gaur egun: nork bere gauzak sarean hedatu ahal izateko tresna izateaz gain, sorleku ere badena. Ideien sorlekua. Twitterreko mezuen edo txioen jarioa etengabekoa da, eta jario horretan galdu daitezke norberak idatzitakoak. Edo ez. Txio bat zerbait soila da, 140 karaktere baino gutxiago duen mezua. Txio hori ez galtzeko probabilitatea handia da, baina nahikoa da mezu horrek norbaiti zerbait iradokitzea, mezua hartu eta zabal dezan.

Mezuak ez ezik, tarteka umore kutsua duten joerak ere izaten dira Twitterren. Meme deitzen zaie: horien jatorrian beste txio, irudi, bideo edo bestelakoren bat izaten da, eta zabalkunde handia lortzen dute jendeak gehitzen dizkien mezu satirikoen bidez. Guztiek etiketa bera daramate, hau da, aurretik traola —alegia, # ikurra— daraman hitza edo hitz jokoa. Twitterren jaiotako ekinaldi txikiak dira: bere horretan gera zitezkeen, baina zenbaitek saretik, bizitza birtualetik, bizitza errealera salto egiten dute.
Hala sortu zen, adibidez, #hitzmoloia etiketa eta, gerora, hitzmoloia-ren txapak. Leire Palaciosek (@anniesdelmono Twitterren) bota zuen harria: «Ernegazio momentu batengatik hasi zen dena: euskaraz ondo hitz egiten ez zuen pertsona bati zelan egiten zioten barre ikusi nuen, eta ez zitzaidan gustatu». Palacios inguru erdaldunean hazia izan da: txikitan, baina, amonak euskaraz hitz egiten zion, eta azken urteotan hizkuntza berreskuratzeko ahalegina egin du. Aldi berean, jabetu da nola inguruan baden antzeko egoeran dagoen jendea, edo txikitan ikasi ez arren, orain ari direnak euskara ikasten. Haren ustez, beldurra eta lotsa eragin diezaioke pertsona bati oraindik trebatua ez den hizkuntza batean hitz egiteak; are gehiago, trukean barreak jasoz gero: «Jendea euskalduntzearen alde baldin bagaude, ezin dugu jendea lotsatzen utzi». Palaciosek konponbidea eman nahi izan zion gaiari, #hitzmoloia-ren bidez: «Erdararekin askotan egiten dugun moduan, euskarak ere badu malgutasuna hitzak asmatuz bromak egiteko. Horren azpian ez dago hizkuntzari kalte egiteko asmorik: hizkuntzarekin jolastu eta beldur horiek uxatzeko nahia baizik». 

Umorea ardatz


Eta Palaciosen harridurarako, erabiltzaile askok hark botatako harria jaso zuten: «Bat-batean jendea grazia egiten zioten hitzak idazten hasi zen: logikarik ez, baina soinu polita daukaten hitzak, euskalkietako hitzak, arraroak direnak... Denetik!». Haserrealdia jolas bihurtu zen, eta gaur egun, zakukada hitzmoloi bilduak ditu Palaciosek bere blogean: 257 hitz zerrendatu ditu, baina baditu batzuk oraindik gehitu ez dituenak, gordeta. Gehiago ere etorriko dira, ez baita zerrenda itxia. Gainera, #hitzmoloia-k saretik salto egin du, eta kalean horren arrastoa ikus daiteke: «Deustuko (Bilbo) Berbaizu euskara elkartea nirekin harremanetan jarri zen, eta haiek utzi didate txapak egiteko azpiegitura guztia». Txapek izan zuten arrakastak harrituta utzi zuen: «Ni Basaurikoa izanda, sekulako ilusioa egin zidan Donostia inguruko jendeak galdetzeak ea non eskura zitzakeen!». Lagun baten bitartez utzi zituen Donostiako Parte Zaharreko taberna batean, eta asteburu horretan bertan amaitu ziren: «Pentsa, 200 txapa egin genituen, eta erdiak baino gehiago utzi genituen Donostian! Egia da hitzmoloia bultzatu duten gehienak gipuzkoarrak direla, baina bada Iruñea inguruko lobby bat ere, baina ezin nituen Iruñeraino eraman». Palaciosek adierazi duenez, orain geldi samar badabiltza ere, irailerako edo urrirako zerbait egitekotan da Berbaizuko lagunekin batera.

Beste bi lagunek, Aritz Ibañezek (@aritzibanez) eta Joseba Beramendik (@exprai eta @martinjulian_), kamiseta eta bestelako produktuetarako diseinuak sortu dituzte, Twitterreko jariotik abiatuta. Biek Interneteko plataforma bera baliatu dute horretarako —La Tostadora webgunea—: eurek diseinua egin, eta webgune horrek kamiseta, poltsa, telefonoen babesgailu... diseinatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Diseinu guztiek dute zerbait komunean: umorez Twitterreko euskal erabiltzaileei keinu bat egitea.

Ibañezek Oak Tixertak (@oaktixertak) markapean diseinatutako marrazkien artean, bada bat zeresan handiko gai batetik abiatuta egin zuena; eztabaidaren iturria Imanol Galfarsorok greba baten inguruan idatzitako iritzi artikulu bat izan zen. Ibañezek Santi Leoneri BERRIAko Maratilan irakurritako artikuluan izan zuen horren berri, eta diseinu baterako ideia eman zion. Euskaldunen artean sortutako tribu berri batez hitz egiten zuen Galfarsorok artikulu hartan, eta horren omenez sortu zuen Ni sasi-erradikal hiper-euskaltzale chic-a naiz diseinua. Arrakasta duen Ibañezen beste kamiseta baten protagonista etiketa bat daraman diseinua da: #dizerdit. Euskal txiolarien artean jarraitzaile ugari lortu duen Aditz Trinkoaren Erret Akademiarekin —@trinkotzaindia— bat eginda sortu zuen hori: «Twitterren euskara berezia erabiltzen da, umoretsua, eta hori eraman nahi izan dut nire diseinuetara».

Beramendik ere Twitter inspirazio iturri izan du zenbaitetan, eta hark esan bezala, diseinu «friki samarrak» atera zaizkio: «Gaur-gaurkoa den zerbait —Twitter— eta hain gaurkoak ez direnak batuta egin ditut zenbait diseinu». Twitterren ikurra txori urdin bat da, eta hori Mikel Laboaren Txoria txori abestiko «eta nik, txoria nuen maite» bertsoarekin konbinatu du: txoria hitza jarri beharrean, sare sozialaren ikurra jarrita. Beste diseinu batek Xalbadorren bertso ezagun bat du oinarrian: «Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa / neure gustora nagonik / poz gehiago izango nuen / albotik beha egonik. / Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik / txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet oraindik». 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean bota zuen bertso hori Xalbadorrek, entzuleek haren aurka egindako txistuei erantzunez, eta Beramendik Twitterren eremura eraman du bertso horren bigarren zatia: «Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik / #unfollow egin didazue bainan / maite zaituztet oraindik», jarraitzeari uztea erreferentzia egiten dio unfollow hitzak. 

Bakoitzaren gustuak gaitzat 


Bai Ibañez bai Beramendik bestelako diseinuak ere egiten dituzte. Biek dute ofizio bat, eta marrazkiena afizioari bidea emateko aitzakia da. Beramendik, adibidez, aldarrikapen bat egiten die euskaldunei: Izan zaitez frikia, baina euskaraz: «Orain ez omen zaie friki esaten, geek omen da hitza. Nik frikitzat hartzen ditut pelikulen edo antzeko kamisetak eramaten dituztenak». Horregatik, gustuko filmeetako eszena edo esaldi mitikoei euskarazko diseinua eman die, hain zuzen, frikiak izaten jarrai dezaten, baina euskaraz: hala sortu zituen, esaterako, Star Wars sagako Ni naiz zure aita edo Taxi Driver pelikulako Nirekin ari haiz? kamisetak. Bere burua ere frikitzat du: «Nafarroan euskalduna izatea, adibidez, nahiko frikia da: denda batean norbaitek agur esan, eta halako buelta ematen dizu bihotzak. Pentsatzen duzu: hona itzuli behar dut!», dio barre artean.

Revolution Tour izan zen Beramendiren lehenengo diseinu bilduma: «Iraultzaileak izan ziren pertsonaia politikoak hartu, eta rockaren ikonoekin nahastu nituen orduan». Hala sortu zituen, esaterako, John Lennin, edo Rolling Stalin diseinuak.

Ibañez Duguna dantza taldean dabil, eta, besteak beste, horrekin zerikusia duten kontuak diseinatzen ditu, Dantza daigun edo Xib-eroa marrazkiak, kasu. Lehengo eta gaurko musikariei erreferentzia egiten dieten diseinuak ere egiten ditu: «Iruditzen zait Euskal Herrian erreferentzia falta handia daukagula, eta kanpoko artista edo musikariak gehiago ezagutzen ditugula hemengoak baino». Kamiseta batek arreta erkartzen du Ibañezen ustez, eta «handinahikeriarik gabe», diseinuok euskal kultura edo gaietan erreferentetzat dituen horiei «omenaldi txikiak» egiteko erabili ditu. Ruper Ordorikaren betaurrekoak eta haren Ez da posible mitikoa, Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea eta Benito Lertxundi eta haren kantuak dira Ibañezek diseinatutako zenbait erreferente. Eskerrik asko esan beharrean, eskerrik soilik esatea zabaldutako joera da: Ibañezek ez duenez oso gustuko, Eskerrik? Ez, eskerrik asko! diseinua egin du, Nuklearrik ez itsasgarrian oinarri hartuta.

Axularrek zioenez, dabilen hizkuntzari ez zaio goroldiorik lotzen; euskarazko txioak izan daitezke hizkuntzari goroldiorik ez lotzeko modua.

* * * * * * * * * * * * *

Jon BEREZIBAR, Goienan 2013/04/20

Euskal poparen super-heroia jaio da

Euskal pop ikonografiako super-heroia da Ruper. Halaxe ikusten du Joseba Beramendi Exprai marrazkigileak eta urtarril aldean erdi txantxetan hasitakoak "zabalkunde harrigarria" izan duela dio.

Ezin bestela izan, Oñatitik etorri zaizkio eskari piloa, "koadrilaka" eskatu ei dituzte, antza, eta Iruñeko artista pozarren dago. Udaberri estreinatu berrian, beraz, armairuan falta ezin den jantzia da sasoi honetarako, itxura guztien arabera.

Euskal 'frikien' bazka


Euskaldunak frikiak garela dio Beramendik. Nahitaez, hala ere. Horrela ikusten du hark, behintzat, Iruñean, "euskaldunen artean  kode eta konplizitateak" partekatzen baitituzte. Beraz, "frikiak ez xelebre zentzuan, zirkulu zehatz bateko kide bezala" baizik. Super Ordorika-ren kasuan, gainera, mirespenetik dauka txantxatik baino gehiago kontuak. Super Ordorika-rena koadrilan duten txistea omen da, baina maitasunetik egina. Super Ordorika eta Ruper Man izenarekin birbataiatuta daukate oñatiarra eta hasieran ez ei zekien zein erabili kamisetarako.

Erreferente kulturalak


Kantariaren zale sutsuak ei dira Exprai-ren lagun taldean. "Oso poliedrikoa da Ruper", dio sortzaileak, "alde erakargarri asko ditu: irudia, musikalki, hizkuntza erabili eta hitz egiteko era..."; horrek guztiak bilakatu du erreferente. Noski, saiatu da Ordorikari berari kamiseta bidaltzen, "ilusio handia" egingo bailioke kantariari soinean bere sorkuntza ikusteak. "Neurria galdetzea, baina, larregikoa" iruditzen zaiola dio, barre artean. Zabalkundea, behintzat, lortu du.

Hain zuzen, erreferente kulturaltzat ere jotzen du Beramendik Ordorika, elastikoak kamisetak izandako harrerak erakutsi dioenez, ze jendeak "nola eskertu" duen ikusita harrituta baitago, promoziorik ez baitu egin. Ezustean harrapatu du guztiak. Kultura guztiek bezala, literaturan, zineman eta musikan ikurrak asko dira eta "pena da", dio, "kalean hainbeste ikusten diren kamiseten erreferente gehienak erdal jatorrikoak izatea".

Hura ere txikitatik dituen Star Wars eta gisakoekin hasi zen sormen jolasean, baina berehala ikusi zuen euskal ikonografia hori garatzeko aukera handiak daudela, hala ere. Latostadora.com/martinjulian gunean aurki daitezke Ruperrena eta diseinu gehiago: Benito Lertxundi, Frida Kahlo, Xalbador, Arturo Kanpion eta Darth Vader-en irudiekin ilustratutako kamisetak.

Modu ondo argigarrian, Basque is freak du lelotzat orriak eta, hain justu, euskal frikikeria horretan sakondu gura du Beramendik. Euskal rock musikariekin eta literaturarekin serieak ere egiten pentsatzen dabil. Tarte nahikoa ikusten du Beramendik "euskal kutsua" duten halakoak egiteko.